Ahozkotasuna eskolan lantzeko metodoa

2006-07-01
 
 

Gaur egungo gizarte aurreratu-aberatsak aztertu dituzten ikerlariek aho batez aitortzen dute ahozkotasunak (ahoz modu eraginkorrean komunikatzeko gaitasunak) gero eta garrantzi handiagoa duela, eta ez jardun esparru jakin batzuetan soilik, jardun esparru guztietan baizik.

Eskolan, ordea, eta salbuespenak salbu, apenas eskaintzen zaion arretarik kontu, itxura guztien arabera ezinbesteko, horri. Ikasleak mundurako prestatzea baldin bada eskolaren zeregin nagusia, ezin esan, beraz, zuzen ari denik ahozkotasunari dagokion alorrean.

Idatzizkoan ere, zuzentasunaren ikuspegia lehenesten du ia beti eskolak, egokitasunaren kaltetan. Gauzak horrela, gaude hezkuntza sistema erro-errotik irauli beharra dagoela. Egin beharreko lanaren eredu izan nahi luke ikastaro honetan aurkeztu nahi dugun metodoak.

Gurea ez da bertsolaritza lantzeko metodoa, baina bat-bateko bertsoak hartzen ditugu abiapuntutzat. Alde horretatik, ezinbestekoa da bat-bateko bertsogintzaren oinarri nagusiak ezagutzea. Besteak beste, bertsolaritzaren alderdi erretorikoaz jabetzeko. Eskolak ikasleen ahozko komunikazio gaitasuna landu eta bermatu nahi badu, ezin dezake albora utzi gure gizartean ahoz komunikatzen arrakasta gehien lortu dutenen jardun eredugarria. Gainera, bertsoa neurri-neurriko diskurtsoa da, eta lanketarako ezinago egokia. Aurkeztuko dugun metodoa zortzi urteko lanaren emaitza da, eta birritan probatua dugu, aplikazio esperimentalen bidez, hainbat eskoletan.
Aplikazio esperimental horietan dagoeneko probatuak ditugun hainbat unitate didaktikoren azalpen praktikoa (aplikazioaren simulazioa) izango da ikastaroaren ardatz nagusia, unitateok behar bezala ulertzeko (eta berriak sortzeko) ezinbestekoak diren erreferentzia teorikoekin batera.