Irakasle bakarra ala ikasgai bakoitzak bere irakasle espezializatua?

2006-05-01
 
 

Zenbaitek uste du galdera motzak erantzun motza dakarrela eta luzeak, berriz, derrigorrez erantzun luzea merezi duela. Baina uste ustela besterik ez da hori. Makina bat bider galdera luze batek erantzun motz eta zehatza eskatzen du, eta beste batzuetan, berriz, galdera motz batek erantzuna luzea du atzean eta, hala ere, ezin bukatu. Horrelakoa da gaurko galdera: irakasle bakarra ala ikasgai bakoitzak bere irakasle espezializatua? Galderak inuzente itxura badu ere, nekez du erantzun motz eta erraza, nire aldetik behintzat.

Ikuspegi ugaritatik azter daiteke arlo hau. Hasierako galderari erantzun aurretik, beste hiru galdera hartuko ditut abiapuntutzat: 1) Irakaslea(k) zertarako?; 2) Maila bakoitzak zer behar du?; 3) Globalizazioak hezkuntzan ba al du tokirik?

Irakaslea(k) zertarako?

Gaur egun eskolan irakaslea beharrezkoa dela begi-bistan dago; hain argi ez dagoena da zertarako. Eztabaida luzeetan sartu gabe, esan genezake irakaslearen zereginetako bat ikasleari bere ezagutzen sorkuntzan laguntzea dela (Quinquer, 2004). Gainera, irakasle orok nahi du bere ikasleak ahalik eta autonomoen bilakatzea (Monereo, 2001). Eta hori nola lortzen da? Irakasleak ikasleentzako zereginak diseinatzen ditu, eta sortzen diren arazoei irtenbideak ematen lagundu beharko dio ikasle taldeari, horretarako urrats batzuei jarraituz.
Hori guztia lortzeko ikasleen elkarkidetza ezinbestekoa da, eta horretarako hainbat irizpide errespetatzea komeni da: ikasle gutxi eta gutxieneko heterogeneotasuna talde bakoitzeko, norberaren arrakasta taldearenaren mende egotea, talde lanaren antolaketa ona, arduren banaketa, lan taldearen autorregulazioa, eta abar.
Maila bakoitzak zer behar du?
Helburutzat ikaslearen autonomiaren lanketa hartuz gero, argi dago maila bakoitzak bere tamainan eta eran erantzun behar diola honi. Bereiz ditzagun, beraz, maila horien egoerak:

Haur Hezkuntza

Askok diote haurraren autonomia 0-6 urte bitartean landu ezina dela, txikiegiak baitira. Baina hori ez da horrela (Castelló, 2001). Haur txikiak badu pentsatzeko gaitasuna, baita prozedura ugari ikastekoa ere, 6 urte oraindik bete gabe izan arren. Haurra, lehen urtetik, gai da bere burua antolatzen ikasteko (joko bidez, eta abar). Bizitzaren lehen urtetik haurrak badu bere jarrera antolatzeko ahalmena. Beraz, Haur Hezkuntzan irakaslearen bitartekotzak haurrari bere pentsamenduak ahalik eta konplexuen eta malguen izan daitezen lagundu behar dio, eta baita kanporarazten ere, horrela, bere erabakiak kontziente bilaka daitezen eta ingurune bakoitzerako erabaki egokiena zein den ikas dezan. Gainera, identitatearen eta autonomiaren aldetik, haurraren garapenerako haurrari erabakiak hartzen uztea eta ondorioak ikusaraztea, zein baino zein lagungarriagoa da. Aurkikuntza fisiko eta sozialaren aldetik, haurrari kezka interesgarriak bideratu behar zaizkio, konponbidea bilatzeko eta antolatzeko garaian bere ahalmena garatzen joan dadin. Jarduera horiek guztiak elkarreraginean antolatu behar dira; alegia, ingurunearen eta gizartearen ezagutza, komunikazioaren garapena eta norberaren autokontzeptua batera lantzen dira, eta hala landu beharrekoak dira (Jiménez; Martí, 1989). Helburuok gauzatzeko, ezinbestekoa da ikasle bakoitzaren interesak eta erritmoak aintzat hartzea eta, hortaz, ikasgelako aniztasuna errespetatzea eta bultzatzea. Alde horretatik, txokoen bidezko lan antolaketa, besteak beste, oso era egokia izan daiteke eguneroko lanerako.
Laburtuz, esan genezake Haur Hezkuntzan helduok (maisu-maistrak barne) izan dezakegun zereginetako bat haurraren pentsamenduaren antolaketarako bitarteko izatea dela. Horretan, aintzat hartu behar ditugu honako puntuok: a) Irakaslearen parte-hartze orok haurraren autoestimuan eta autokontzeptuan eragina du. Horregatik, ezinbestekoa da haurrarekin harreman maitagarria izatea, ezagutza berriak deskubritzen aritzeko segurtasuna izan dezan; b) Irakaslearen jarduerak antolatua izan behar du, eta zenbait aukera eskura izan behar ditu, haurrak behar ahala, bide berriak eskaintzeko; antolaketak malgua izan behar du, unean uneko premiei erantzun ahal izateko, baina ez inprobisaziotik sortutakoa; c) Irakasleak prozesuaren kontrola pixkanaka haurrari laga behar dio. Hasieran, irakasleak zehaztuko ditu pentsaerak eta jarrerak. Gerora, haurrak berak ohitu beharko du bere erara pentsatzen eta egokien iruditzen zaizkion jarrerak hartzen.

Lehen Hezkuntza

Maila honetan ere, irakasleek onartzen dute helburu nagusietako bat ikaslea autonomo bilakatzea dela eta, horretarako, pentsatzen irakatsi behar zaiola. Baina nola lortu hori? Jakina da lehen zikloan oinarrizko trebetasunak lantzen direla (irakurketa, idazketa eta aritmetikako buruketak); bigarrenean, aurrekoak sendotzeaz gain, ezagutza prozesu altuagoko trebetasunak bultzatzen dira (analisia, informazioaren sintesia eta antolaketa, eta abar); eta hirugarrenean, pentsamendu abstraktuak lantzeari ekiten zaio.
Horretarako guztirako ezinbestekoa da ikaskuntza esanguratsua bultzatzea, bai gertaerei dagokienez eta bai kontzeptuei nahiz prozedura ezagutzei dagokienez. Bestalde, trebetasun metakognitiboen garapena arretaz landu beharrekoa da, bai gauza berriak ikasteko garaian, bai norberaren erregulazio egokia lantzerakoan. Alegia, ikasle autonomoaren soslaia bultzatu behar da; eta nor da hori? Labur esanda, ikasteko garaian modu independentean, ingurukoen laguntzarik gabe, jokatzen duena.

Bigarren Hezkuntzan

Hemen ere, ikaslearen dependentziatik independentziarako bidea zehaztu beharra dago, eta horretarako, elkarlana baliabide aparta izan daiteke etapa honetan. Ikaskuntza kooperatiboa oso era egokia da ikasgelan giro zoriontsua eta gizartearen aldekoa sortzeko, eta ezinbestekoa, bakarkako eta lagunarteko emaitza afektibo egokietarako. Kooperazioa zentzu zabalean hartzen dugu irizpidetzat: “ikaskuntza gauzatzeko, ikasleen arteko elkarreragina esparru guztietan, bai praktikaldietan, bai parekoen arteko tutoretzetan ere”.
Denok dakigu nerabe diren ikasleentzako parekoek zer-nolako garrantzia duten. Nerabezaroan, lagunen eta ikaskideen artean bizi izaten diren esperientziak ezinbestekoak dira norberaren nortasunaren garapenerako. Elkarlana bereziki aproposa da goi mailako ezagutzak ikasteko, baita etorkizuneko lan esparruetarako ahalmenak lantzeko ere. Helburuok gauzatzeko, aurretiaz hainbat baldintza bete behar dira:
a) Irakasleen talde lana; b) Prozedura komunen erabilera jakintza eremu guztietan; c) Metaezagutzan oinarritutako metodologiaren erabilera sistematikoa; d) Ezagutza estrategikoaren ebaluazioa; e) Tutoretzan oinarritutako koordinazioa (zeresanik ez, irizpideok Ikastetxeko Curriculum Proiektuan jaso behar dira).
Azaldu ditugun kezka eta proposamenei aurre egiteko, ezinbestekotzat jotzen dugu irakasle taldea. Irakasle taldea eskola-antolaketa modu jakin bat da, ikasleei nahiz irakasleei eragiten diena, non bi edo irakasle gehiagok, elkarrekin lan eginez, ikasle-taldeen ardura osoa edo oso esanguratsua duten. Hainbat daturen arabera (Marchesi; Martín, 1998), argi ikusten da irakasleek taldeka lan egiten duten ikastetxeetan ikasleek arrakasta akademiko handiagoa dutela, eta alderantziz: irakaslearen jarduna zenbat eta bakartiagoa izan, orduan eta handiagoa da ikasleen porrota. Baina, zein etekin du taldekako irakasle lanak? Besteak beste, honako hauek: irakasleen ardura handiagoa bere zereginetan, ikasleei buruzko informazio bilketa handiagoa, beste ikuspegi metodologikoei buruzko jakin-min handiagoa, taldekako erabakien aurrean aldeko jarrera argiagoa (Rue, 2001). Dena dela, irakasle taldea osatzeko, ezinbestekoa da aurretiaz baldintza batzuk betetzea, hala nola: gutxieneko abiapuntu komun batzuk izatea, taldekideen arteko laguntza eskatzen duen adostutako helburu bat izatea, koordinaziorako gutxieneko eraginkortasuna izatea. Esperientziak argi azaltzen du ikasleak lanean jarrarazteko modu eraginkorrena taldekako irakasle lana dela, eta irakasleen autokontzeptua eta autoestimua sendotu egiten dituela, baita ikastetxearekiko atxikipen zentzua handitu ere; horrela, eskolak ikaskuntzarako gune edo komunitate bilakatzen dira.

Globalizazioak ba al du tokirik hezkuntzan?

Hain modan dagoen kontzeptu honek hezkuntzan ere eraginik ba ote duen aztertu beharko genuke. Gure ustez, guk nahi ala ez, globalizazioarekin topo egingo dugu. “Globalizatu” beharrean gaude eta, gurpil zoro baten antzera, “globalizatuko” gaituzte. Eta zer da, zentzu onean, globalizazioa hezkuntzan? Besteak beste, irakaskuntza osatua da, diziplinen aniztasuna nahiz diziplinartekotasuna aintzat hartzen dituena. Batetik, egungo komunikazio moduek eta informazio ugariak gure ikasleak zenbait gauzatan trebatzera bultzatzen gaituzte: ezagutzak eskuratzera, adimena eta iritzi kritikoa lantzera, nork bere burua ezagutzera, irudimena eta nork bere ahalmenak garatzera, arduratsu izatera, komunikatzen jakitera, ikuspegi orokorra lantzera, eta abar. Hori dena lantzeko ezinbestekoa zaigu ikasleari autonomo bilakatzen laguntzea.
Globalizazioaren inguruan irakaskuntzaren hainbat ikuspegi bil daitezke (Hernández, Ventura, 1992):
- Globalizazioa ikasgaien batura gisa.
- Globalizazioa diziplina ugariren nahasketa gisa.
- Globalizazioa ikaskuntzaren egitura psikologiko gisa.
Ikuspegiok ez dira guztiz elkarren kontrakoak. Bateragarri izan daitezke, hein handi batean.
Tradizioz, hezkuntzako profesionalek (irakasleak, psikologoak, pedagogoak...) irakaskuntza-ikaskuntzako prozesuen ikuspegi murriztua izan dute: irakasle-ikasle artera mugatzen zen hezkuntza. Ingurunea, ikasleen arteko harremana, irakasleen artekoa... ez ziren aintzat hartzen. Bakarkako lana zen nagusi. Are gehiago, profesional batek “beste baten ikasle taldean” parte hartzea gaizki ikusia zegoen. Egungo hezkuntzaren ikuspegiak talde hausnarketa eta talde lana baliatzen ditu hezkuntzarako, edo baliatu beharko lituzke. Harreman sistemikoak biltzen dituen ingurune gisa hartzen da aintzat hezkuntza. Ezin da ikasle bat, irakasle bat, herri bat, hiri bat, ama, aita... bakarka tratatu, ikuspegi globalizatua ezinbestekotzat jotzen da (De Pablo, 1992). Alde horretatik, elkarlana ezinbestekotzat jotzen dugu, ez soilik ikasleen artean, baita irakasleen artean ere.
Eta nola gauzatu daiteke hori? Globalizazioa eta autonomia bultzatzeko bide eraginkorrenetako bat, ez bakarra, proiektuetan oinarritutako irakaskuntza da.
Proiektuen bertuteen artean, honako hauek azpimarratu nahi genituzke (Alvarez, Santos, 1996):
- Zeharkako harremanak indartu eta eguneratu egiten ditu.
- Elkarlana eta batasuna bultzatzen ditu.
- Partaideen ahalmenak afektuen bidez lantzen dira, eta ez aginduen bidez.
- Heldutasuna garatzen da.
- Gehiegizko hierarkizazioaren ordez, norberaren autonomiari eta sormenari leku gehiago uzten zaio.
Oso modu laburrean autonomiaren eta irakasle taldearen garrantzia azaldu ostean, gatozen hasierako galderara: zer da hobe, ikasleekin irakasle bakarra ala batzuk aritzea? Lerro hauetan ikuspegi asko geratu dira bazterrean (garapenaren psikologiaren ekarpenak, eskola txikien esperientziak eta abar). Ezin dena bildu orri gutxitan. Hala ere, luze aritzeko gaia izan arren, lerrook nolabait hasierako galderari erantzun nahi diote. Alegia, ikasgai bat irakasle bakar baten eskuetan edo batzuenetan utzi behar ote den galderari erantzuteko garaian, gaiak proiektuka lantzearen aldeko apustua egingo nuke nik. Eta proiektua esatean irakasle taldearen eta ikasle taldearen lana diot (baita gurasoena ere, zergatik ez?). Dudarik ez proiektu bakoitzaren ezaugarrien arabera, arlo jakineko irakasle adituaren protagonismoak handiagoa izan beharko duela, baina beti ere gainerako profesionalekin batera osatutako testuinguruan. Proiektuetan Oinarritutako Irakaskuntza ez da lana errazteko modu bat; alderantziz akaso, lan ugari eskatzen duen irakasbidea da, baina ikasle sendoagoak bilakatzekoa ere bat ere bada. Eta, azken batean, gure ikasleek globalizazioarekin topo egin behar badute, non hasiko dira trebatzen hobeto eskolan baino, irakasleak eredu direla? •

Bibliografia

- ALVAREZ, M. ; SANTOS, M.: Dirección de centros docentes, Escuela Española, Madril, 1996.
- BARCIA, M. J.: “¡Que circule la savia! El trabajo en equipo”, in Aula, 150 (martxoa), Grao, Bartzelona.
- CASTELLÓ, M.: “Enseñar a pensar de forma personal: primeros pasos”, in Aula de Innovación Educativa, 100 (2001), 11-15.
- DE PABLO, P. et al.: Diseño del Currículo en el Aula, Mare Nostrum, Madril, 1992.
- HERNÁNDEZ, F.; VENTURA, M. : La organización del curriculum por proyectos de trabajo, Grao, Bartzelona, 1992.
- JIMÉNEZ, N; MARTÍ; L. : La educación infantil, Laia, Bartzelona, 1989.
- LOPEZ HDEZ. Ana: “Trabajar con los compañeros para mejorar la educación”, in Aula, 150 (martxoa), Grao, Bartzelona.
- MARCHESI, A.; MARTÍN, H.: Calidad de la enseñanza en tiempos de cambio, Alianza, Madril, 1998.
- MONEREO,C.: “La enseñanza estratégica. Enseñar para la autonomía”, in Aula de innovación Educativa, 100, (2001), 6-9.
- QUINQUER, D.: “Estrategias metodológicas para enseñar y aprender ciencias sociales: interacción, cooperación y participación”, in Aprender autónomamente, Grao, Bartzelona, 2004.
- RUE, J.: La acción docente en el centro y en el aula, Síntesis, Madril, 2001.